|
 |
Abangoardiako konponbideak, mugikortasun jasangarria
Zigilu berdea duten teknologiak
CAFek I+Gri ematen dion garrantziak aukera eman dio teknologia propioa garatzeko, eta horrek produktuaren segurtasuna, erosotasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzen laguntzen du, produktuaren bizitza osoan.
CAFek merkatuaren eskura jartzen ditu azken urteotan garatutako aurrerapen berritzaileak, trena garraio publikoko aukerarik onena, ekologikoena, garbiena eta jasangarriena izatea lortzeko.
Teknologia hori fase guztietan erabiltzen da: diseinu-fasean, ekipamendu eta sistemen garapen eta fabrikazioan, eragiketen kontrolean eta trenen mantentze-lan integralean.
-
1. EkoDiseinua: energia aurrezteko formarik egokienak
Diseinu-prozesuan, azterketak egiteko tresna modernoenak eta simulazio- eta entsegu-sistema modernoenak erabiltzen ditu CAFeko ingeniaritza-sailak. Baliabide horiekin tren bakoitzerako balio hoberenak zehazten eta konfiguratzen dira, energia-kontsumoa gutxitzeko, funtzionamendua hobetzeko eta bizi-zikloa luzatzeko.
Formak, espazioa, materialak eta energia banatzeko sistemak ezinbestekoak dira ahalik eta kalitate-mailarik eta energia-eragonkortasunik handienak lortzeko. Horregatik, ingurumenarekin loturiko alderdiak dira nagusi trenen diseinuan eta haien ekipamendu integralean.
CAFek oso kontuan hartzen ditu garrantzia handia duten faktoreak; esaterako, abiadura handian trakzioak duen energia-kontsumoa. Beste hainbat neurriren artean, diseinu aerodinamiko zaindua egiteak aukera eman du, besteak beste, trenaren aitzinamenduarekiko erresistentzia txikiagotzeko eta horretarako behar den energia-kantitatea gutxitzeko.
-
2. Material berriak: arinak eta birziklagarriak
CAFek ardura handiz aukeratzen ditu fabrikazioan erabiltzen diren material guztiak eta garrantzia berezia ematen dio birziklagarritasunari, birziklatzeak baliabide naturalen kontsumoa saihesten baitu. Horrez gain, piezen arteko elkarketa itzulezinik egiten ez duenez, errazagoa da piezak desmuntatzeko prozesua trenaren bizitza baliagarria bukatzen denean, eta, gainera, pieza asko berrerabili egin daitezke gero.
Trenak diseinatzean masa eta pisua gutxitzea lortu nahi izaten da, energia-eskaera optimizatzeko modu eraginkorra baita hori. Parametro horiek bagoien kaxaren egituran, ekipamendu eta elementu osagarri guztietan, isolagailuetan, etab. erabiltzen dira. Eta betiere segurtasun-estandar maximoak bermatzen dira.
Material arinagoak eta erresistenteagoak erabiliz, trakzioko energia-kontsumoa gutxitzen laguntzen da. Horregatik, fabrikazio-prozesuko fase bakoitzean ibilgailuaren masa aztertzen da, aurreikusitako pisua ez duela gainditzen ziurtatzeko.
Horrez gain, diseinu berrietan garraio-ahalmen maximoaren eta erabiltzaileen erosotasunaren arteko oreka bilatzen da. Bidaiarientzat gune zabalak gaituz eta unitate bakoitzeko eserleku-kopurua optimizatuz ere aurrez daiteke energia.
-
3. Zaratarik eta bibraziorik gabeko trenak
Ekipamendua, errodadura eta trenak haizearekin duen kontaktua dira tren bateko zarata-iturri nagusiak. Gizakiengan duen eraginaz gain, zaratak naturari ere eragin diezaioke eta animalien habitatak (ekosistemak) aztora ditzake.
Emisio akustikoak gutxitzeko —bai barrukoak eta baita kanpokoak ere—, CAFeko teknikari-taldeak zehaztasunez aztertzen du zergatik sortzen den zarata, eta hori gutxitzeko neurri eraginkorrenak hartzen ditu: aurretiazko kalkuluak eta entseguak, material isolatzaileak eta xurgatzaileak erabili, forma aerodinamikoak erabili, gurpilaren eta errailaren arteko kontaktuari eta interakzioari buruzko ikerketak egin, etab.
-
4. Balazta leheneragarria (AER): energia berreskuratzeko konponbide eraginkorra
Balaztatzean energia berreskuratzea ezinbestekoa da trenbide-sareen funtzionamenduan, lana optimizatzen eta eraginkortasun-indize altuak lortzen laguntzen duelako. CAFeko trenak diseinatzerakoan, lehentasuna ematen zaio balazta leheneragarriari, balazta erreostatikoaren eta marruskadurazkoaren ondoan. Hala, balaztatze-prozesuan berreskuratutako energia katenariari itzultzen zaio eta beste tren batean erabil daiteke edo berriro ere sare elektrikora itzul daiteke.
-
5. Azken belaunaldiko ekipamendua
Martxan daudela kontsumitutako energiaren errendimendu maximoa lortzeko sistemak dituzte CAFeko trenek (bai azelerazioan, bai balaztatzean, baita seinaleztapenari eta katigamenduei dagokienean ere). Hala, eraginkortasun handiko trakzio-ekipamenduak erabiltzeak aukera ematen du energia-galerak gutxitzeko eta kontsumoa optimizatzeko.
-
6. Sistema osagarrietan kontsumoa gutxitzea
Kontsumoa ahalik eta gehien gutxitzeko, neurri orokorrak hartu behar dira eta neurri horien barruan treneko ekipamendu osagarriak, ekipamendu horien funtzionamendu-kontrola eta kontserbazio-egoera aztertu behar dira.
Bihurgailu osagarria
Proiektu bakoitzean bihurgailu osagarriaren ahalmena aztertzen da, elikatu behar dituen karga guztien balantzea egiteko. Modu horretara, gerta litezkeen gehiegizko dimentsionamenduak saihesten dira, gomendatutakoa baino pisu eta kontsumo handiagoa eragin baitezakete horiek.
Energia-kontsumoaren kudeaketa, trena geldirik dagoenean
Geldialdietako energia-kontsumoa gutxitzea da CAFen beste helburu nagusietako bat, eta horretarako, ekipamendu osagarrien baldintzak zehazten dira aurretiaz. Bagoi bakoitzeko (eta ez tren bakoitzeko) kontrolari esker, aukera dago soilik unitate jakin batzuetako ekipamenduak aktibatzeko, kasu bakoitzean dauden beharren arabera. Neurri horrekin, energia ugari aurreztea lortzen da.
Baldintza hobereneko klimatizazioa
Klimatizazio-tresnek energia ugari behar dute funtzionatu ahal izateko. Kontsumo hori gutxitzeko, CAFek errendimendu handieneko hozgarriak erabiltzen ditu eta treneko klimatizazio-baldintzak optimizatzeko neurriak hartzen ditu. Barrualdearen eta kanpoaldearen arteko bero-transferentziagatik sortzen diren energia-galerak murrizteko, trenen diseinuan eroankortasun termikoa gutxitzen eta eraginkortasun handiko isolamendua lortzen saiatzen da.
-
7. Ibilgailu eta flotaren gidatze eraginkorra
Gidatzeko moduak eragin erabakigarria du trenaren energia-kontsumoan. Trenaren kontrol-sistemaren bidez, energia-kontsumoa gutxituko duen prestazio-maila kalkula daiteke, denbora errealean, ibilbidearen ezaugarrien eta iraupenaren arabera. Informazio horrek aukera ematen du trena gidatzeko prozesua energiaren ikuspuntutik optimizatzeko.
-
8. Ibilbidearen iraupena murriztea
CAFeko teknologia-garapenak abantaila berriak ekarri ditu trenen energia-kontsumoa modu orokorrean murrizteko. Baskulazio Integrala (SIBI) bezalako sistemei esker, abiadura handiagoetara ibil daiteke ibilbideko bihurguneetan erosotasuna galdu gabe, eta ibilbidearen iraupena % 30 murriztu daiteke.
Bestalde, bihurguneetako abiadura-mugak murrizteak, trenen abiadura aldatzeko beharra ere murrizten du eta horrek energia-eraginkortasun handiagoa izaten laguntzen du.
|
|
|