Emakida-irtenbideak
Azpiegitura berriak finantzatzeko ekimen pribatuaren parte-hartzea gero eta handiagoa dela kontuan hartuta, beharrezkoa da eremu horretan formula berriak sortzea.
CAFek soluzio berriak garatu ditu berriki trenbideko-emakiden eremuan, bezeroen beharrei hobeto egokitzeko gero eta konplexuagoa den merkatuan. Bestalde, Administrazio publikoek gero eta gehiago jotzen dute finantziazio pribatura azpiegitura-proiektu berriei ekiteko.
Proiektuen finantziazioak ingelesezko BOT izenaz izendatzen den eskema klasikoari jarraitzen diote (‘Build, Operate, Transfer', hau da, ‘Eraiki, martxan jarri eta transferitu).
Proiektu horiek sortzeko eta exekutatzeko gure punturik sendoenak hauek dira, besteak beste:
- Tren-operadoreekiko gertutasuna, haien arazoak hobeto ulertzeko eta konponbide zehatzak proposatu ahal izateko.
- Finantza-merkatuak ondo ezagutzea. Horri esker, azkarrago bila ditzakegu baliabide zuzenak, finantza-baliabide pribatuak eta publikoak, eta arriskuak estaltzeko gaitasuna.
- Beste hornitzaile batzuekin harremanetan jartzeko gaitasunari esker, taldeak osa ditzakegu hainbat sektoretako enpresekin proiektu konplexuei aurre egiteko (obra zibila, seinaleak, komunikazioa, elektrifikazioa, operadoreak,...).
- Azkenik, proiektu berriei ekiteko eta arrakasta izateko behar den konfiantza eragiten du gure esperientziak eta sinesgarritasunak.
Hona hemen aurretiaz azaldutakoaren zenbait adibide:
- Sevillako metroa. Partzuergoak, CAF barnean dela, Sevillako metroaren lehen linea eraikitzeko eta 35 urtez merkataritza-mailako funtzionamendua bermatzeko lanak koordinatu ditu. Linea hori, gainera, enpresa pribatu batek Espainian bete-betean kudeatzen duen lehena da, administrazio-emakiden eredu berria baliatuz.
- Malagako metroa. Metroaren 1. eta 2. lineetako proiektua, eraikuntza-lanak, funtzionamendua eta tren-ibilgailuen hornikuntza (ibilgailuak CAFek fabrikatutakoak dira) 35 urterako administrazio-emakidaren bidez esleitu dira.
- Zaragozako tranbia. Kasu honetan, administrazioak bazkide pribatu bat hautatu du —Traza partzuergoa, hain zuzen ere— sozietate misto bat eratzeko eta haren bidez zerbitzu publikoaren araubidean tranbiaren 1. linea eraikitzeko, ustiatzeko eta mantentzeko. Sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetzaren horrek kudeaketa-eredu bideragarria eta eraginkorra lortzea du xede.
- Aljerreko metroa. Aljerreko metroaren EMA sozietateak Espainia eta Frantziaren arteko partzuergoari eman dio hiriko metro-sarea abian jartzeko egitekoa.Partzuergo horretako partaide da CAF. Sistema tekniko osoaren instalazioa egingo du partzuergo horrek, eta lehen linearako behar den ekipamendua prestatzeaz arduratuko da. Emakida honetan, bada, funtsezko ekarpena egingo du sektore pribatuak, proiektuen koordinazio osoa egiteko prozesuetan urteetan metatu duen eskarmentua jarriko baitu proiektu honen esanera.
- New Delhiko metroa. New Delhiko zentroa eta aireportua lotuko dituen metroa (Express Metro) eraikitzeko lanetan parte hartzen ari da CAF, Reliance Industries enpresarekin batera. Metroko linea hori 30 urtez ustiatzeko emakida da. Horrez gain, beste 10 urtez tren-ibilgailuen mantentze-lanak ere egingo dira.
- Antalyako tranbia (Turkia). Antalya hiriko tranbia-sarea diseinatzeko, garatzeko eta abian jartzeko proiektua gauzatzen ari da CAF, Alarco eraikuntza-enpresa turkiarrarekin lankidetzan. Proiektu integrala da, eta hainbat alderdi aintzat hartzen ditu: azpiegitura eta geltokiak eraikitzea, elektrifikazio-sistema ezartzea, seinaleak jartzea eta 14 tranbia prestatzea.
- Mexikoko hiripeko trena: Ikusi Project Finance atala.
Esperientzia, kualifikazioa, erakunde publikoen eta tren-industriaren arloko enpresen arteko lankidetza… Ezaugarri horiei guztiei esker, eredu bilakatu da CAF mundu osoan, emakida administratiboak kudeatzeko eta koordinatzeko sektorean. Egunetik egunera gero eta preziatuagoa da CAFek baliatzen duen eredu hori, eta, arrakasta horrek bultzatuta, gero eta sendoago ari da hedatzen konpainia garraio-proiektu integralen merkatuan.
|