Prentsa-oharrak

2018/09/05

CAF-EK AMAITU DU SOLARIS ENPRESA EROSTEKO PROZESUA

Solaris enpresa erosteko eta CAF Taldean txertatzeko prozesua arrakastaz amaitu zen atzo. Hilabete bat baino zertxobait gehiago iraun duen itxiera-prozesuaren eta Poloniako eta Alemaniako lehia arloko agintariek baldintzarik ezarri gabe eragiketa hori onartu ondoren, hasierako akordioa gauzatu dute. Horren arabera, CAFek Solaris Bus & Coach enpresako akzioen % 100 eskuratu ditu. Eragiketa horri esker, CAF Taldeak eta Solarisek Europako hiriko garraio publikoan irtenbide berritzaileen arloan lidergoa izatea bermatuko da eta bi marka horiek nazioarteko gainerako merkatuetan duten posizioa sendotuko da.

 

Gainera, aipatu beharrekoa da CAFek Poloniako PFR (Polski Fundusz Rozwoju) inbertsio-funtsarekin akordioa adostu duela. Horri esker, funts horrek Solarisen % 35 eskuratu du. Hurrengo asteotan, beharrezko administrazioko izapidetzeak itxi eta dagozkion erakunde arautzaileen baimena eskuratutakoan, gauzatuko dute akordioa.

 

Gutxiengoa duen akziodun gisa Poloniako inbertsio-funtsa partaide bihurtuta, CAFek Solarisen Polonian errotzea mantenduko du eta, aldi berean, enpresaren asmo handiko hazkunde-planari ekiteko finantza arloko bazkide sendoarekin aliantza ezarriko du.

 

Horrekin lotuta, gogorarazi beharrekoa da Solaris 32 herrialdetako 700 hiri baino gehiagotan presentzia duen autobus arrunt eta elektrikoen mundu mailako hornitzailea dela. 2017ko itxieran izandako fakturazioa 450 milioi euro ingurukoa izan zen eta ekitaldi hartan 1.397 ibilgailu hornitu zituen: autobus arruntak (diesela eta GNC) zein e-mobility gamako gero eta ibilgailuen kopuru handiagoa. Gainera, segmentu horri dagokionez, Solarisek du merkatu osoko irtenbideen gama zabalena (hibridoak, trolebusak, bateria, hidrogenoa).

 

“CAFek Solarisen egin duen inbertsioak baieztatu egin du modu errentagarrian hazteko ikuspegiarekiko gure konpromisoa, eta merkatu estrategiko berriak ireki dizkio CAFi”, adierazi du Andres Arizkorretak, CAFeko presidenteak eta kontseilari delegatuak. “Hiriko mugikortasuneko irtenbideetan enpresa liderra izan nahi dugu material mugigarriaz harago joanda eta, bereziki, mugikortasun elektrikoaren segmentuan. Solaris marka baliotsua garatzen eta erabiltzen jarraitu eta, era berean, haren izaera poloniarrari eutsi nahi diogu. Diseinuaren, berrikuntzaren eta produkzioaren arloetako know-howa uztartuta, gure bezeroei irtenbide hobea emango diegu eta, aldi berean, akziodunentzat balioa sortuko dugu”.

 

Bestalde, honako hau adierazi zuen Solange Olszewska-k, Solaris Bus & Coach SA enpresaren sortzaileak: “Ez zen erabaki erraza izan familiarentzat eta niretzat; 20 urte baino gehiago igaro dira senarrak eta biok enpresa sortu genuenetik. Gaur egun, ia 2.500 langile ditu eta 30 herrialde baino gehiagotan du presentzia. Badakit enpresa esku onetan uzten ari naizela; ziur nago CAF Taldeak Solaris markaren jardunbide egokienekin aurrera jarraitu eta hurrengo urteotan enpresaren hazkundea bultzatuko duela”.

Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.