Prentsa-oharrak

2021/04/09

Toyota Motor Europe-k hornituko ditu erregai-pilako moduluak FCH2RAIL tren-proiekturako CAF partaide den Kontsortzioko kide gisa

· Modulu hibridoek (erregai-pila + bateriak) isurpenik eta katenariarik gabe trenez garraiatzea ahalbidetuko dute.

 · Toyotak duela gutxi iragarri ditu erregai-pilako modulu konpaktuak, neutraltasun klimatikorako eta hidrogenoaren gizartera bideratzeko eraldaketaren bidean hidrogenoaren erabilera bultzatzeko asmoz.

 · Toyota Motor Europeren (TME) Erregai Pilaren Dibisioak bere erregai-pilako moduluak hornitu eta txertatuko ditu zero isurpeneko prototipo-trenean.

 

Erregai Pilaren bi modutako trena garatzeko bide egokian.

Europar Batasuneko trenbide-lineen erdia (gutxi gorabehera) dago elektrifikatuta eta, horri esker, isurpenik gabeko tren bidezko garraioa egin daiteke. Gainerako lineetan, diesel-trenak erabiltzen dira. Europar Batasuneko FCH2RAIL proiektuaren baitan, Belgikako, Alemaniako, Espainiako eta Portugalgo bazkideek osatutako kontsortzioa zero isurpeneko tren-prototipo berria garatzen ari da. Proiektuaren bihotza bi modutako propultsio-sistema hibridoa da. Katenariaren elikadura elektrikoa modulu autonomo batean jatorria duen elikadurarekin txandakatzen du eta horrek hidrogeno bidezko pilen eta baterien energia hibridatzen du. Gainera, katenariarekiko modu independentean funtzionatzen du.

Urtarrilean jarri zuten FCH2RAIL proiektua abian eta dagoeneko lehen emaitzak eskaini ditu. Hala, prototiporako erreferentziazko ibilbideak eta agertoki operatiboak definitu dira.

Katenaria eta sistema hibridoa: isurpenik gabeko bi modutako garraioa

Trenak katenariaren energia aprobetxatzen du hura erabilgarri dagoenean. Baina trena katenariarik gabeko bideetan zirkulatzen ari denean, erregai-pilek eta bateriek osatzen duten modulu hibridotik jasotzen du elikadura.

“Bi moduko tren mota hau ingurumenarekiko begirunetsua eta lehiakorra den diesel-trenarekiko alternatiba dela erakutsi nahi dugu”, adierazi du proiektuaren koordinatzailea eta ikerlaria den Holger Dittus-ek, German Aerospace Center - Institute of Vehicle Concepts (DLR) zentroko kideak. 


 

Gaur egun, Europan trenbide-linea ugari ari dira katenariarekin elektrifikatzen; oso proiektu garestia eta epe luzea eskatzen duena da eta, gainera, tokiko baldintza geografikoen mende egoten da. Hala, badago bateria bidez modu esklusiboan elikatutako trenen alternatiba ere, baina haien autonomia operatiboa mugatua da (30 eta 70 km artekoa), eta ibilbidearen profilaren eta kanpoko tenperaturen mende dago. Gaur egungo diesel-trenek, katenariatik elikatutako motor elektrikoen bidez propultsatutako trenekin alderatuta, gehieneko abiadurari eta azelerazioari dagokienez prestazio txikiagoak eskaintzen dituzte.


Erregai-pilaren eta baterien bi modutako gure sistemak bi teknologia horien abantailak uztartzen ditu; izan ere, katenariaren energia eta ontziratutako energia erabiltzeko gai da. Hala, energetikoki are jasangarriagoa eta eragingarriagoa den tren-garraioa lor dezakegu”, adierazi du proiektuaren arduradun teknikoak, Sergio Gascon-ek, Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresako kideak, proiektuaren helburu nagusia laburbiltzeko garaian.


Energiaren elikadura-sistema ontziratua bere potentzia eta autonomia printzipio modular baten arabera zabaltzeko moduan diseinatuta dago: Erregai-pilen eta baterien kopuruak eragina du propultsio-potentzian; aldiz, hidrogeno-gordailuen kopuruak zehazten du elektrifikatu gabeko lineetako autonomia operatiboa. Horrenbestez, sistemaren gaitasuna bidaiariak edo merkantziak garraiatu ahal izateko molda daiteke.


Aurrekontua 14 milioi eurokoa da eta proiektuak sistema hurrengo lau urteotan garatzea, probatzea eta homologatzea aurrez ikusi du. Proiektua hidrogenoa garatzeko Europako Elkarte Publiko Pribatuak, FCH 2 JUk, finantzatu du 10 milioirekin.


“Tren-ingurunean hidrogenoari eta erregai-pilei buruz egin dugun ikerketak agerian utzi zuen trengintzan FCH teknologietarako dagoen potentziala handia dela eta, hidrogenoarekin elikatutako trenak garraio jasangarriaren Europako sistemaren eraikuntzari dagokionez garrantzitsuak izango direla” adierazi du Bart Biebuyck-ek, FCH 2 JUko zuzendari exekutiboak. “Europako Batzordeak argi utzi du hidrogenoarekin lotutako bere estrategian elektrifikazioa zaila den kasuetarako etorkizun handiko aukera dela; horixe da, hain zuzen ere, trenbide-sareko zati batzuetan gertatzen dena. FCH2RAIL proiektuak erakutsiko du teknologia horrek zero isurpeneko irtenbide malgua eskaintzen duela zonalde horietan diesel-trenak ordezkatzeko. Ondorioz, emaitzak egiaztatzeko irrikaz nago”.


 

Bideko probak: Bihurtutako aldirietako tren batekin egindako proba funtzionalak 


Sistema honek inguruan duen inpaktua ulertzeko (produkzioa, bizitza-amaiera eta erabilera barne), eta prestazioak baldintza errealetan ebaluatu ahal izateko, aldirietako tren elektriko bat, CIVIA (CAFek fabrikatutakoa), bihurtzea aurrez ikusi dute. Lan horietan, erregai-pilaren eta baterien modulu hibridoa txertatuko da ibilgailuan. Espainiako tren-operadore publikoak, Renfek, hornituko du material gurpilduna. Energia-sistema autonomoko oinarrizko elementuetako bat dira erregai-pilako moduluak eta  Toyota Motor Europe (TME) enpresak hornituko ditu. Aldiz, potentzia-bihurgailuak eta bateriak CAFek hornituko ditu. Hasierako entsegu funtzionalak eta probako ibilbideak Espainiako eta Portugalgo trenbideetan egingo dituzte azpiegiturak kudeatzen dituzten enpresen laguntzarekin: Administrador de Infraestructuras Ferroviarias (ADIF) eta Infraestructuras de Portugal (IP). Espainiako Centro Nacional de Hidrógeno (CNH2) ikerketa-zentroaren esku utzi dituzte hidrogenoa botatzeko estazioa eraikitzeko eta erregai-pilaren eta baterien modulu hibridoaren entseguak egiteko lanak, eta horiek trenean txertatu aurretik egingo dituzte.

Kontsortzioan lan egiteko aukera hau baliatu nahi dugu erregai-pilaren gure teknologia hidrogenoaren beste aplikazio mota batera bideratzeko. Hidrogenoak rol garrantzitsua beteko du Europako trenen deskarbonizazio-prozesuan eta Toyotaren erregai-pilako moduluak modulu hibridoan txertatzeko proiektuarekin ilusionatuta gaude”, aipatu du Toyota Motor Europeko Erregai Pilaren Negozio Taldeko zuzendariak, Thiebault Paquet-ek.


 


Sistemaren diseinua eta kontrola, energiaren kudeaketa eta homologazioa

 

 Probatako lehen ibilbideak egin aurretik, nazioarteko proiektu-taldeak erronka teknologiko batzuei egin beharko die aurre: Diseinu horri esker, erregai-pilaren eta baterien moduluak kontrolatu eta konbina daitezke eta, hala, sistemak eskakizun guztiak bete eta modu eragingarrian ezar daiteke. Bestalde, eragingarritasun hori handitu egin daiteke erregai-pilako moduluen hondar-beroa treneko aire giroturako eta berogailurako modu eragingarrian aprobetxatuta. Proiektu horren baitan, aire girotuaren fabrikatzailea, Faiveley / Stemmann Technik (STT), eta DLR berogailurako, aireztapenerako eta aire giroturako (HVAC) behar den energia-eskaera gutxitzeko irtenbide berritzaileak ikertzen ari dira.

 

Bestalde, proiektuak hidrogenoaren eta tren-garraioaren arloetako araudia ere aztertzen du uneoro hidrogenoaren teknologiaren eta katenariaren arteko integrazio segurua bermatzeko asmoz. Hori guztia kontuan hartuta, proiektu-taldea proposamenak garatzen ari da agintari eskumendunek etorkizun laburrean Europar Batasun osoan tren mota horiek errazago homologa ditzaten.

 

 

Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.