Prentsa-oharrak

2021/05/10

SOLARISEK, CAF TALDEKO FILIALAK, BARTZELONARAKO AUTOBUS HIBRIDOAK HORNITZEKO BESTE KONTRATU HANDI BAT ESKURATU DU

Transports Metropolitans de Barcelona (TMB) hiriko operadoreak CAF Taldeko filialari esleitu dio Urbino 12 motako 30 autobus hibrido hornitzeko kontratua. Autobusek Bartzelonako Metropoli Eremuan (AMB) operatzen duten ibilgailuen flota indartuko dute eta gaur egun Bartzelonan eta inguruan hedatuta dauden ehun Solaris autobus inguruei elkartuko zaizkie.

 

Laster sinatuko den kontratuak aurreikusten du urte honen amaieran martxan egongo direla ibilgailu horiek. Solarisek Espainian lortu duen beste kontratu esanguratsu bat izango da hori Madrilerako GNK motako 250 autobus fabrikatzeko duela gutxi lortu duen kontratuaren ondoren.

 

Bartzelonarako 30 autobus berrien propultsio hibridoa Euro 6 araudiaren araberako 151 kWko motorrean eta trakziorako motor elektriko batean oinarrituko da. Gainera, berreskuratutako energia biltegiratzea eta gero erabiltzea ahalbidetuko duten superkondentsagailuak izango dituzte ibilgailuek. Irtenbide honek erregaiaren kontsumoa nabarmen gutxitzea eta, aldi berean, airera doazen isuri kutsakorrak minimizatzea ahalbidetzen du.

 

Bestalde, Solaris Urbino 12 autobus hibridoak Arrive & Go sistemarekin ekipatuta egongo dira. Horrek kontrolatzen du diesel-motorraren funtzionamendua eta, geltoki batera gerturatzean autobusaren motorra itzaltzea eta, ibilgailua martxan jartzen denean, berriro piztea ahalbidetzen du. Horri esker, aldi berean, autobusak motor elektrikoarekin bakarrik funtziona dezake eta zarata eta isuriak gutxitzen dira bidaiari eta herritarren mesedetan. Bestalde, Arrive & Go moduan, ibilgailuek alerta akustikoko sistema (AVAS) erabiliko dute. Sistema horrek oinezkoak propultsio elektrikoko ibilgailu baten presentziaz ohartarazteko soinuak sortzen ditu.

 

Bidaiarien segurtasuna areagotzearekin lotuta Solarisek duen kezka dela eta, bidaiarien eserlekuetako plastikozko elementuak bakterioen aurkako geruza batekin estali ditu enpresak. Era berean, sendotu egingo da gidatze-garaiko segurtasuna MirrorEye sistemaren moduko gailuekin. Alboetako ohiko ispiluak kamerekin ordezkatzen ditu eta horiek ikuspen hobea bermatzen dute euria ari duenean eta ilunabarrean. Amaitzeko, aipatu beharrekoa da Eco Driver Advisor sistema gehitu izanak kontsumoetan kontrol handiagoa erraztuko duela eta, hala, gidatze ekonomikoagoa lortuko dela.

 

Solaris etxeko lehen autobusak 2014 inguruan iritsi ziren Kataluniako hiriburura eta, gaur egun, Bartzelonako kaleetan 100 ibilgailu inguru dabiltza zirkulazioan. Gehienak propultsio hibridokoak edo elektrikokoak dira. Solaris Europako liderra da isurpen baxuko eta zero isurpeneko autobusen produkzioan eta salmentan, eta gaur arte 850 autobus elektriko baino gehiago eta ia 750 autobus hibrido entregatu ditu 19 herrialdetako hirietan.

 

SOLARIS URBINO 15 LE ELECTRIC IZENDATU DU ALEMANIAKO BUSPLANER ALDIZKARI ENTZUTETSUAK AUTOBUS ELEKTRIKO ONENA

 

Bestalde, aipatu beharrekoa da Solaris Urbino 15 LE autobus elektrikoak eskuratu duela “2021eko Jasangarritasuneko Saria” autobus elektrikoen kategorian. Aipatutako saria Alemaniako Busplaner aldizkariak, sektore horretan Europako aldizkari espezializatu nagusienetako batek, banatzen du. Horixe da aurreko urtearen amaieran Solarisek aurkeztu zuenetik, hiriarteko autobus elektrikoaren modelo honek jasotako lehen saria.

 

Urbino 15 LE da Solarisek fabrikatutako lehen autobus elektrikoa eta hiriko zein hiriarteko ibilbideetarako dago diseinatuta. Ondorioz, zero isurpeneko garraioaren bidean mugarri esanguratsua dela esan dezakegu. Hain zuzen ere, ezaugarri hori izan da Solarisen ibilgailua hautatzeko garaian epaimahaik aintzat hartu duen argudio nagusienetako bat; izan ere, autobus berritzaile hau aukera ekologiko bikaina da diesel-modeloen aurrean (eta, hain zuzen ere, horiek dira hiriarteko garraio-ibilgailuen segmentuan gehiengoa gaur egun).

Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.