Prentsa-oharrak

2019/07/10

MILANEK SOLARIS, CAF TALDEKO ENPRESA, HAUTATU DU 250 AUTOBUS ELEKTRIKO ARTE HORNITZEKO

Milaneko ATM Milano garraio-operadoreak hiriko diesel-autobus guztiak kentzeko helburua jarri du 2030. urtera begira. Horretarako, eta horren inguruko lehen urrats garrantzitsu gisa, duela hilabete batzuk hirirako 250 autobus elektriko arte hornitzea xede zuen lizitazio handia atera zuen eta Solarisi esleitu diote lehiaketa. Esleipen hori 192 milioi euro inguruko esparru-akordioari lotuta dago eta 40 autobuseko lehen lotea 2020ko ekainean entregatzen hasiko direla aurrez ikusi dute. Proiektu horri esker, Solarisek autobus elektrikoen segmentuan Europako lider gisa duen posizioa sendotu du.

 

ATM Milanorentzat autobus elektrikoak hornitzeko esparru-akordio hori da Solarisek orain arte lortu duen kontratu handienetako bat eta Europa mailan autobus elektrikoak fabrikatzeko proiektu handiena. Hala, Italiako operadoreak 2030. urtea baino lehen diesel-ibilgailuak kentzeko egindako apustu irmoa agerian utzi du CAF Taldeko Poloniako fabrikatzailean eta Urbino izeneko autobus elektrikoen modeloan konfiantza jarrita. Lonbardiako hiriburua mugigarritasun jasangarriarekin lotuta bideratzen ari den politikan rol garrantzitsua bete behar du helburu horrek.

 

Milanek aukeratutako ibilgailua Urbino 12 elektrikoa da. Horixe da Solarisen produktu ezagunena eta Europako 17 herrialdetako dozenaka hiritan topa dezakegu. Bistakoa den moduan, horrek agerian uzten du garraio arloko agintariek ibilgailuan jarritako konfiantza.

 

Horrekin lotuta, modelo horrek, hain zuzen ere, 2017an autobusen industria arloko sari entzutetsuena jaso zuen: “Bus of the Year 2017” saria.

 

12 metroko Urbino elektrikoa Solaris High Energy motako bateriekin ekipatuta dago eta 240 kWh baino gehiagoko guztizko gaitasuna du. Bateria horien energia elektrikoa pantografoaren zein autobusen deposituan dagoen entxufe bidezko gailuaren bidez birkargatuko da.

 

Horrekin lotuta, nabarmendu beharrekoak dira autobus elektriko berri horrek dituen onura nagusiak: ibilgailuaren sonoritate baxua, bibrazioa gutxitzea eta, batez ere, igorpenik ez izatea. Horrek guztiak Milaneko biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du. Gainera, abangoardiako irtenbide batzuekin ekipatutako barnealde erosoa eta zabala izango du: gailu mugikorrak birkargatzea ahalbidetzen duten USB atakak, bidaiariarentzako informazio-sistema modernoa eta bideozaintzako sistema. Horiek guztiak erosotasuna eta segurtasuna areagotuko dituzte ibilbide osoan. Ibilgailuak, gainera, 82 pertsonarentzako edukiera izango du. Haietatik 26k eserita bidaiatu ahal izango dute eta mugigarritasun mugatuko pertsonen beharretara egokituta dago.

 

Milan hiriak 2014. urtetik ezagutzen ditu Solaris etxeko autobusak; izan ere, gaur egun marka horretako 150 autobusek (motor elektrikoa duten 25 autobusek barne) eskaintzen dute zerbitzua Italiako iparraldeko hiriburu horretan.

 

Iazko irailean itxi zuen CAF Taldeak Solaris enpresa erosteko akordioa.  Poloniako autobus-fabrikatzaileak 450 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa izan zuen 2018. urtearen itxieran eta, ekitaldi hartan, 1.226 ibilgailu hornitu zituen. Horien artean, hauek aipa ditzakegu: autobus konbentzionalak (diesel eta GNC) eta e-mobility gamako ibilgailuen gero eta kopuru handiagoa. Segmentu horretan, gainera, Solarisek irtenbideen gama zabala du (hibridoak, trolebusak, bateria, hidrogenoa). Solaris enpresa gehituta, CAF Taldea hiriko autobus jasangarrien segmentuan merkatuko gaur egungo liderretako bat bihurtu da.

 

 

SOLARISEN HIDROGENO AUTOBUS BERRIAREN AURKEZPENA 

 

 

Bestalde, Solarisek ekainean aurkeztu zuen Stockholmen egin zen UITP (L'Union internationale des transports publics) azokan zero igorpeneko Solaris Urbino 12 hidrogeno-autobusaren modelo berria.

 

Aurkezpen horrekin batera, Solarisek modelo berri horren lehen eskaria hitzartu zuen Bolzano izeneko Italiako hiribururako. 12 unitate hornituko ditu eta 8 urteko epean, gainera, mantentze-lanak eta zerbitzu teknikoa ere eskainiko ditu.

 

Hala, Bolzano izango da Solarisen garapen berriena, hidrogeno bidezko Urbino 12 izenekoa, jasoko duen lehen hiria. Ibilgailuak sabaian kokatuta dituen deposituetan biltegiratutako hidrogenoa erabiltzen du ibilgailua mugitzeko beharrezko energia lortzeko. Hala, hidrogeno gasa elektrizitate bihurtzen du. Energia sortzeko teknologia horri eta modeloak duen balaztatze-sistema birsortzaileari esker, autobusek distantzia handiak (350 kilometro artekoak) egin ahal izango dituzte igorpenik gabe.

 

Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.