Prentsa-oharrak

2020/04/27

SOLARIS-EK, CAF TALDEKO FILIALAK, HIDROGENO BIDEZKO AUTOBUSAK HORNITUKO DITU ALEMANIARAKO ETA HERBEHEREETARAKO

CAF Taldeko autobusen fabrikatzaileak akordioak izenpetu ditu Alemanian eta Herbehereetan hidrogeno bidezko autobusak hornitzeko. Energia mota horrek gero eta toki handiagoa betetzen du ingurumenarekiko begirunetsuak diren ibilgailuen merkatuan eta sektore horretan da, hain zuzen ere, Solaris Europa mailan liderra. Kontratuen zenbateko osoa 25 milioi euro ingurukoa da.

 

Solarisek hidrogeno bidezko autobusak hornituko ditu Alemaniako Wuppertal eta Kolonia hirietarako 


Egoitza Alemaniako Wuppertal udalerrian duen WSW Mobil GmbH enpresak eta RVK Köln operadoreak kontratu bana sinatu dute eta, horien arabera, Solarisek hidrogeno bidez elikatutako hiriko 25 autobus ekologiko berri hornituko ditu.

 

25 autobus horietako hamarrek Wuppertalen zirkulatuko dute; aldiz, gainerako 15ak RVK Kölnek gertu dagoen Kolonia hirian zerbitzua ematen duen lineetan erabiliko dituzte. Lehen ibilgailuak aurten bertan hasiko dira entregatzen eta gainerakoak 2021. urtean banatuko dituzte.

 

Aukeratutako modeloak, hidrogeno bidezko Solaris Urbino 12ak, 70 kW-ko potentzia duten erregai-gelaxkak erabiltzen ditu. Teknologia horri esker, birkarga bakarrarekin 350 km arteko distantzia egiteko gai izango dira. Hidrogenozko erregaiaren gelaxkan, energia elektrikoa sortzen da eta hori, berehala, transmisio-lineara transferitzen da. Beroa eta lurruna dira prozesuan erabiltzen diren elementu bakarrak eta, hala, ibilgailuek ez dute ingurumenerako substantzia kaltegarririk sortzen.

 

Era berean, hiriko autobus modernoenetan aplikatzen diren gainerako aplikazioak eta gidarien lana erraztuko duten teknologiak izango dituzte. Horien artean dago, adibidez, MobilEye Shield + sistema. Ibilgailuaren kanpoaldean duen kameren bidez, nabarmen hobetzen da bidaiarien zein errepideko beste erabiltzaile batzuen segurtasuna, ibilgailuaren puntu itsuetan dauden oinezkoak eta txirrindulariak detektatuta. Era berean, sistema horrek alerta bidaltzen du behar bezala seinaleztatu gabe bere bidetik ateratzen bada edo beste ibilgailu batzuekiko distantzia egokia ez bada. Gainera, talka-arriskuei eta eremu bakoitzeko abiadura-mugei buruzko informazioa ematen du.

 

WSW Mobil GmbHren kasuan, operadore horrek ere bere ibilgailuak eSConnect sistemarekin ekipatzea erabaki du. Sistema horrek flotaren kudeaketa hobetzen du, ibilgailuaren datu eguneratuetara sarbidea urrunetik izatea bermatuta; hala, egon daitezkeen funtzionamendu-akatsen aurrean modu bizkorrean erantzun eta gidatze-balioen gaineko kontrol hobea izan dezakete. Bestalde, datu-baseko txostenak sortzeko aukera eskaintzen du eta, horiei esker, bezeroak detektatutako alertetara eta ibilgailuaren funtzionamenduko ezaugarrietara erabateko sarbidea izan dezake. Informazio hori aztertzeak flotaren operazioa hobeto programatzea errazten du, operatibitate gorena bermatuz.

 

Solarisen hidrogeno bidezko autobusak Herbeheretarako ere bai 


Solarisek Connexxion operadorearekin, Hegoaldeko Holanda (Zuid-Holland) probintziako (Herbeheretan biztanle kopuru handiena duena) garraio-zerbitzuen arduradunarekin, hidrogeno bidezko Solaris Urbino 12 motako 20 autobus hornitzeko kontratua sinatu du. Autobusak 2021. urtearen amaieran entregatuko dituzte eta 12 urtez zerbitzuak eskaintzeko hitzarmena ere jasotzen du kontratuak.

 

Connexxion Transdev Netherlands taldeko (Herbehereetan isurpenik gabeko garraio publikoan liderra eta operadore handienetako bat da) filialetako bat da eta ez dugu ahaztu behar herrialde hori eredugarria dela gai horren inguruko konpromisoa eta apustua direla eta.

 

Ibilgailuek 37 eserleku izango dituzte eta USB bidezko karga-atakekin, aire girotuarekin, informazio irakurgarria duten pantailekin eta gurpildun aulkietarako tokiarekin ekipatuta egongo dira. Gainera, kamera berezien sistema izango dute (atzerako ispiluak ordezkatzen dituzte eta ibilgailu barruko pantailetan proiektatzen dute irudia).

 

Hidrogeno bidezko autobusetarako erregaia autobus-geltokitik gertu dagoen Heinenoorden egingo dute. Haren azpiegitura gero eta automobil partikular gehiagok erabiltzen du; izan ere, hidrogenoa gero eta erabiliagoa den energia-iturri berde bihurtzen da eta birkarga bizkorra eta erraza eskaintzen du.

 

Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da Solarisen lehen autobusak 2017an iritsi zirela Herbeheretara, Connexxion operadoreak artikulatutako Urbino 18 motako 40 unitate erosi zituenean. Urtebete geroago, beste eskari bat itxi zuen CAF Taldeko Poloniako fabrikatzailearekin GNC bidez elikatutako autobusak erosteko.

 

Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.