2021/07/07
SJ AB tren arloko garraioetako operadore nazionalak EuroMaint Rail ABri, CAF Taldeko Suediako filialari, 100 milioi euro baino gehiagoko zenbatekoa duten zerbitzuetarako bi kontratu esleitu dizkio.
Alde batetik, CAF Taldeko filiala hautatu du Suediako SJ estatu mailako operadoreak Krösatågen eta Kustpilen lineetan zerbitzua eskaintzen duten trenen flota 12 urtez mantentzeko. Tren horiek Suediako hegoaldean ematen dute zerbitzua, zehazki eskualde hauetan: Jönköping, Kalmar, Kronoberg, Blekinge, Halland eta Skåne.
2021etako abendutik aurrera, SJ enpresa arduratuko da Krösatågeneko eta Kustpileneko lineetako operazioaz. Horretarako, akordioa hitzartu du Euromaintekin data horretatik aurrera gaur egun zerbitzua eskaintzen duen flotaren eta duela 3 hilabete eskas irabazitako kontratuaren arabera laster CAFek hornituko dizkion unitate berrien mantentze-lana egin dezaten. Kontratu hori 28 tren berri hornitzeko izango da: 20 EMU (unitate elektrikoak) eta 8 BMU (biodiesel-elektrikoa bimodalak). Trenak AB Transitio enpresak eskuratuko ditu eta eskualdeei leasingeko modalitatearen arabera mailegatuko ditu (horiek dira, hain zuzen ere, lehen aipatu ditugun Krösatågen eta Kustpilen lineetan zerbitzua eskaintzen dutenak). Mantentze-jarduerek ekin diote mobilizazio-faseari eta abendutik aurrera hasiko direla aurrez ikusi dute. Nässjö eta Kalmar udalerrietan dauden tailerretan egingo dituzte lan horiek.
Bestalde, operadore berak, SJ ABk, Euromaint aukeratu du bidaiarientzako gaueko kotxeen flota birmoldatzeko. Akordio horren arabera, serie ugaritako 57 kotxe birmoldatuko dituzte: BC4, WL1, WL4 eta WL6 serieak. Lan horiek EuroMaint enpresak Suediako Örebro udalerrian duen tailerrean egingo dituzte. Ibilgailu horiek birmoldatzeko lanak 2021eko abuztuan hasiko dituzte eta 2025eko otsailera arte iraungo dute. Inbertsio honen bidez, SJ AB operadoreak gaueko kotxeetan egiten diren bidaien esperientzia hobetu nahi du, zerbitzu mota horiek erabiltzen dituztenen segurtasuneko, fidagarritasuneko eta erosotasuneko aurreikuspenak betetzeko asmoz.
EuroMaint da, duela hainbat urtetik, Eskandinaviako tren-merkatuan erreferentziazko enpresetako bat eta trenetako floten mantentze-negozioan merkatu-kuota handia du. Jarduera hori, gainera, eskualdeko operadoreei zuzendutako tren-elementuen hornikuntzarekin osatzen du.
Kontratu berri hauek esleituta, Eskandinaviako eskualdean CAFek duen posizio sendoa berretsi da. Hazten ari den merkatua da eta CAFek dagoeneko unitateak hornitu ditu Oslo bertako aireportuarekin lotzen duen abiadura handiko linearako, Helsinkiko metrorako eta Stockholm, Oslo eta Lund hirietarako tranbia-sarerako.
CAF-EN LEADMIND PLATAFORMA DIGITALAK ARRAKASTA IZAN DU
Amaitzeko, nabarmendu beharrekoa da CAFen LeadMind plataforma digitala ezartzeko lanekin aurrera jarraitzen dutela Eskandinaviako merkatuan honako hauentzako kontratuen bidez: Lundeko tranbia, Osloko tranbia, Norvegiako Oslo-Bergen lineako aldirikoak, Suediako lehen aipatutako Krösatagen eta Kustpileneko lineetako aldirikoak, eta duela gutxi Gotenburgoko tranbiarako esleitutako lanak. Guztiek CAFen predikziozko mantentzea izango dute eta operaziorako zein mantentze-lanetarako abantaila ugari eskainiko ditu horrek. Besteak beste, operadoreentzako flotaren eskuragarritasuna hobetuko dela azpimarra dezakegu. Hala, bidaiarien zerbitzuan eragina izaten duten geldialdiak eta matxurak saihestuko dituzte.
LeadMind operadoreei eta mantentze-lanez arduratzen direnei datuen kudeaketa denbora errealean egitea eta erabakiak bizkor eta modu eragingarrian hartzea errazteko prestatuta dago. Hala, zerbitzuan eragina izan dezaketen gorabeherak saihestu eta, unitateak tailerrera iritsi aurretik, egin beharreko lanetan lehentasunak finka ditzakete. Horretarako, gainera, LeadMindek neurketa automatikoko eta ibilgailuko elementu esanguratsuenak monitorizatzeko aukera du: gurpilak, balaztak, pantografoa eta bogieak, adibidez.
LeadMinden analitika aurreratuak mantentze-lanen operatiban aldaketa ekarri du eta horrek zuzenean du operazioan eragina; izan ere, lehen sintomak detektatzean bakarrik esku hartzen du eragindako elementuetan. Horrek operazio mailako eragingarritasun handitzen du operadoreei zerbitzuen kalitatea hobetzen lagunduta. Gaur egun, CAFek garatutako plataforma errealitate bihurtu da; izan ere, 20 herrialdetan 30 proiektu baino gehiago ditu abian.
Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin: