Prentsa-oharrak

2022/01/24

SOLARISEK ZERO ISURPENEKO 200 AUTOBUS INGURU HORNITUKO DIZKIO NORVEGIAKO OSLO HIRIARI

Unibuss AS enpresak, Norvegiako garraio-operadore nagusietako batek, beste behin CAF Taldearen gain jarri du konfiantza Oslora joango diren Urbino 18 motako 183 autobus elektrikoren entrega jasotzen duen kontratua adosteko. Kontratu honen bidez, Norvegiako hiriburuak hiriko garraio publikoa elektrifikatzearen alde egin duen apustua baieztatu du sektore horretako enpresa nagusiek parte hartu duten lizitazioaren ostean. Kontratuaren guztizko balioa 100 milioi euro ingurukoa da eta Solarisek egindako artikulatutako autobus elektrikoen kontratu nagusia bihurtu da, Varsoviako garraio publikoko operadoreari, MZAri, duela gutxi entregatutako 130 ibilgailu elektrikoko kopurua gainditu baitu. 

 

Aukeratutako modeloa laugarren belaunaldiko Urbino 18 autobus elektriko artikulatua da. 2017an merkaturatu zuten eta, ordutik, arrakasta handia izan du. Europako hainbat hiritan eskaintzen du zerbitzua: Bruselan, Berlinen, Bartzelonan, Varsovian, Cracovian, Poznan-en edo Hanburgon, besteak beste. 

 

Ibilgailuak dituen beste ezaugarri batzuen artean, isurpenik eza nabarmendu behar dugu; izan ere, aukeratutako ekipamenduaren eta azpiegituraren arabera, 24 ordu arte operatzeko aukera du. Osloko kaleetan zirkulatuko duten autobusak High Energy bateriekin ekipatuta egongo dira eta guztira 500 kWh baino gehiagoko gaitasuna izango dute. Gainera, entxufe-kargagailu bidez birkargatzeko aukera ere izango dute. Horrez gain, ibilgailuek Osloko hiritarrei erosotasun ugari eskainiko dizkiete hirian egiten dituzten joan-etorrietan ibilgailuen ekipamenduari esker. Besteak beste, ekipamendu horrek honako hauek biltzen ditu: USB kargagailuak, girotze-argi bereziak edo arrapala bikoitza desgaitasuna duten pertsonentzat. Gainera, gaur egungo egoera dela eta, aire girotuko sisteman iragazki indartu bereziak izango dituzte bidaiariek babes handiagoa izan dezaten. 

 

Bestalde, autobus elektriko horiek operazioan segurtasuna handituko duten sistemen kopuru handiarekin ekipatuta egongo dira. Horien bidez, ibilgailuek punta-puntako teknologiak izango dituzte eta lagungarriak izango dira gidariak ibilgailuaren inguruan txirrindulariak eta oinezkoak daudela ohartarazteko eta kale estuetan edo deposituan egin beharreko maniobrak errazteko. 

 

Solarisen eta Unibuss AS operadorearen arteko harremana 2006an hasi zen. Ordutik, CAF Taldearen enpresak 300 ibilgailu inguru hornitu dizkio Norvegiako operadoreari (Eskandinaviako herrialde horretako errepideetan zirkulatzen ari diren Solaris Urbino ibilgailuak 500 unitate baino gehiago dira gaur egun). 

 

 

BI KONTRATU BERRI SOLARISENTZAT AUSTRIAN ETA ITALIAN 50 MILIOI EURO INGURUREN TRUKE


Horrez gain, CAF Taldeak beste bi kontratu berri itxi ditu hidrogeno bidezko 5 autobus eta 50 trolebus hornitzeko Austrian eta Italian (hurrenez hurren). Kontratu horiek baieztatu egin dute enpresa zero isurpeneko ibilgailuen hornikuntzan Europako liderretako bat dela. 

 

Hidrogeno bidezko autobusen hornidura Austriarako 

ÖBB Postbus-ek hitzarmena itxi du Solarisekin Urbino 12 modeloko hidrogeno bidezko bost autobus entregatzeko. Autobusek Austriako hego-ekialdean dagoen Villach hiri pintoreskoan eskainiko dute zerbitzua. Horixe izango da 2021eko hasieran bi enpresek sinatu zuten esparru-akordioarekin lotuta egindako lehen eskaria. Aipatutako akordioak era horretako 40 ibilgailu arte erosteko aukera jasotzen zuen. 

 

Solaris da hiriko garraio-ibilgailuetarako, autobus elektrikoetarako eta hidrogeno bidezko autobusetarako zero isurpeneko soluzioak hornitzen dituen Europako enpresa nagusia, eta hidrogeno bidez elikatutako Urbino 12 modeloa da teknikoki ibilgailu aurreratuena gaur egun Solarisen zorroan. Gaur egun arte, modelo horretako 100 unitate inguru saldu dituzte herrialde hauetan besteak beste: Txekiar Errepublika, Frantzia, Alemania, Italia, Herbehereak, Polonia eta Suedia. 

 

ATM Milanok eta Solarisek beren kontratua handitu dute beste 50 trolebusekin 

ATM Milano operadorea bere unitateen flota eraldatzeko prozesuaren erdi-erdian dago gaur egun. Horren helburua da 2030. urtearen amaierarako bere ibilgailuen parke osoa zero isurpenekoa izatea. Horretarako, Trollino 18 modeloko 50 trolebus hornitzeko eskari berri bat esleitu dio Solarisi. Kontratua 2018an sinatutako akordioaren luzapena dela esan dezakegu. Kontratu hura oinarritzat hartuta, Solarisek 30 trolebus hornitu zizkion orduan. Hain zuzen ere, CAF Taldeak Milango operadorearekin izan duen lankidetza oso garrantzitsua izan da azken urteotan eta horren azken erakusgarria da Lombardiako hiriari entregatu zion Solaris Urbino modeloko 165 autobus elektrikoko eskaria. 

 

Kontratu berri horrek baieztatu egin du Solarisek Italiako elektromugikortasunaren esparruan duen lidergoa. Izan ere, Italiako hirietan zirkulazioan dauden autobus elektrikoen erdia baino gehiago dira CAF Taldeak hornitutako ibilgailuak eta, horrekin lotuta, deigarria da datu hau: 2020an, Italian entregatutako autobus elektriko guztien ia % 70 CAF Taldeko enpresak hornitutakoa zen. 

Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.