Prentsa-oharrak

2023/07/06

CAF-I 150 MILIOI EURO BAINO GEHIAGOKO KONTRATUAK ESLEITU DIZKIOTE ITALIAN

Italiako hiru hirik, Cagliarik, Napolesek eta Palermok beren konfiantza CAFengan jarri dute hiriko mugikortasun jasangarrira zuzendutako eraldaketan irmo aurrera egiteko. CAF Taldeak autobus elektrikoak hornituko dizkio Cagliariri Sardinian, metro-unitateak Napolesi eta tranbiak Palermori (Siziliako hiriburua). Kontratu horiek baieztatu egin dute zero isurpeneko hiriko garraio-soluzioen gama zabalaren hornitzaile gisa CAFek eskaintzen duen balio-proposamen sendoa. Aipatutako hiru kontratuen zenbateko osoa 150 milioi euro baino gehiagokoa da. 

 

 

Solarisek 98 autobus elektrikoko eskari garrantzitsua lortu du Cagliarirako 

CMT Cagliarik, Sardiniako garraio publikoko operadoreak, Solaris aukeratu du 98 autobus elektriko hornitzeko. Eskariak 12 metroko 80 unitate eta 18 metroko autobus artikulatuen 18 unitate jasotzen ditu. Kontratua 2023an Consip SpA enpresarekin sinatutako esparru-akordioan sartuta dago. Enpresa hori Italiako Ekonomia eta Finantza Ministerioaren (MEF) jabetzakoa da eta, akordio horren baitan, garraio publikoko enpresek ibilgailuak zuzenean eskatzeko edo aukeratutako hornitzaileekin lizitazioak egiteko aukera dute. Hornitzaile horietako bat zen, hain zuzen ere, CAF Taldeko enpresa. 

 

CMT Cagliarirentzako ibilgailuak Solaris High Energy baterietako energiarekin elikatuko dira eta 2024an eta 2025ean entregatzea aurrez ikusi dute. Alde batetik, 12 metroko unitateek 350 kWh baino gehiagoko guztizko gaitasuna duen energia-biltegiratzea izango dute; aldiz, autobus artikulatuek 400 kWh baino gehiagoko gaitasuna duten bateriak izango dituzte. Horrek autonomia eta operatibitate handia eskainiko dizkio flotari zerbitzu osoan zehar. 

 

Solarisen autobusek 2010. urtetik eskaintzen dute zerbitzua Cagliarin. Hain zuzen ere, gaur egun operadore berarekin beste kontratu batean sartuta dago 18 autobus elektriko entregatzeko. Ibilgailuak uztail honetan bertan gehituko dira hiriko flotara. Horrekin lotuta, azpimarratu beharrekoa da Italia dela garraio publikorako ibilgailu jasangarriei dagokienez Solarisen merkatu nagusietako bat. Gaur egun, Solarisen 1.600 ibilgailu baino gehiago dabiltza Italiako errepideetan eta haietako ia heren bat zero isurpeneko autobusak dira. Horri esker, Italia da enpresarentzako merkatu garrantzitsuenetako bat. 

 

 

CAFek metro-unitateen hornidura handituko du Napoleserako 

CAFek akordioa sinatu du Napoleseko treneko eskualdeko eta metropoli eremuko garraio publikoaren zerbitzuaz arduratzen den sozietatearekin, Ente Autonomo Volturnorekin, 6 metro-unitate eta parkeko piezak hornitzeko eta ibilgailuen mantentze-lan integralak 3 urtez egiteko. Aurrez ikusitakoaren arabera, tren horiek Piscinola/Scampia – Aversa linean eskainiko dute zerbitzua eta, etorkizunean, baita Piscinolatik Mianora, Secondiglianora eta Di Vittoriora arteko linean ere, Napoleseko metro-sareko 1. linearekin interkonexioa eginda. 

 

Akordio hori 2020. urtearen erdialdean CAFek eta Ente Autonomo Volturnok sinatu zuten esparru-kontratuari lotuta dago. Kontratuak 10 metro-unitate hornitzea jasotzen zuen eta lehen lau unitateak une hartan eskatu zituzten. 

 

Seina kotxeko trenak dira, hiriko metroko 1. linearako aurrez CAFek hornitutako unitateen ezaugarri eta ekipamendu berberak dituztenak.  Eraginkortasunari, eskuragarritasunari eta segurtasunari dagokienez errendimendu gorena bermatzeko diseinatuta daude eta haien edukiera eta irisgarritasun erraza nabarmendu behar dira bidaiariak erosoago egon daitezen eta banaketa hobea izan dezaten interkomunikazioko korridore diafanoak eta espazio zabalak dituztelako. 

 

 

Italiako Palermo hirirako tranbiak 

Amaitzeko, Palermoko tranbiako A, C eta B linea berriak eraikitzeko proiektua eta tarte horietan zerbitzua emango duten unitateen hornikuntza Italiako Sis Scpa enpresak eta CAFek osatutako ABEEari esleitu diote. Hemendik aurrera, bost hilabeteko epea izango du enpresa-elkarteak lanak hasi aurretik proiektu exekutiboa prestatzeko. Proiektu honen kasuan, CAFi dagokion zatia izango da hiriko tranbia-sareko aipatutako tarteetan operatuko duten 9 tranbiak fabrikatzea eta zerbitzuan jartzea, eta hornidura hori beste 35 unitatearekin handitzeko aukera jasotzen du kontratuak. 

 

Proiektuaren guztizko bolumena 400 milioi eurokoa da eta 2016an Matteo Renziren gobernuak hitzartutako Patto per il Sud (Hegoaldearen aldeko Ituna) delakotik jasotako funtsen bidez finantzatuko da partzialki. 

 

Esleitu berri dituzten tarteak lehentasun-ordenaren arabera sailkatu ditu Palermoko Udalak eta, ondorioz, lehenengo eta behin C eta B tarteen eraikitze-lana egingo dute. Aldiz, A tartearen kasuan, aurrez azterketa egingo dute ibilbide egokiena zein den erabakitzeko. Tarte berriek Italiako hiriko trenbide-sarea osatuko dute; C tartea gaur egungo 4. linearen luzapena izango da geltoki nagusirako eta, aldiz, B tartea 1. linearen luzapena izango da (Notabartoloko geltokitik via Duca della Verduraraino). 

Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.