Prentsa-oharrak

2023/10/20

SUEDIAK SOLARISEN HIRIARTEKO AUTOBUS ELEKTRIKOAK JASOKO DITU

Suediako garraio publikoko operadoreak, Nobina Stockholm-ek, kontratua adostu du Solarisekin Urbino 15 LE modeloko 55 autobus elektriko hornitzeko. II klaseko ibilgailuak dira (hiriartekoak) eta, ondorioz, Stockholmeko eskualdeko hiriarteko hainbat ibilbidetan operatu ahal izango dute. Autobusak 2024an zehar entregatzea aurrez ikusi dute. 

 

CAFen Plan Estrategikoa aurkezteko garaian joan den urtearen amaieran iragarri zuten moduan, Solarisen helburua da Europako hiri mailako zero isurpeneko lidergo-posizionamendua hiriarteko autobusen segmentura ere hedatzea honako neurri hauen bidez: merkatu-kuota handituta eta 12 m-ko eta 18 m-ko hiriarteko autobus elektrikoko plataforma berriak garatuta. Hain zuzen ere, datorren urteotara begira, segmentu horretan igoera handia gertatuko dela aurrez ikusi da.  

 

Nobina da Eskandinavia eremuko garraio publikoko operadore nagusia eta 13.000 langile baino gehiago ditu zerbitzua eskaintzen duen lau herrialdeetan (Suedia, Finlandia, Norvegia eta Danimarka). Enpresaren ezaugarri nagusietako bat da garraio-zerbitzuak eskaintzeko garaian jasangarritasunaren eta berrikuntzaren alde egindako apustua. Kasu honetan, enpresaren Stockholmeko filialak hiru ardatzeko eta zoru baxuko Urbino 15 LE motako 55 ibilgailu hornitzeko eskaria sinatu du Solarisekin. Ibilgailu horiek moldakortasun handia dute eta, horri esker, hiriguneetan edo hiriarteko ibilbideetan opera dezakete. 

 

Ibilgailuaren bihotza 550 kWh baino gehiagoko ahalmena duten Solaris High Energy baterietatik eratorritako energiarekin elikatutako 240 kW-ko motor zentrala izango da. Horri esker, autobusek egun osoan zehar eskaini ahal izango dute zerbitzua eta, gauez, enpresaren deposituetan, ibilgailua kargatu. Autobusak 52 eserlekurekin diseinatuta eta Eskandinaviako paketea izenekoarekin ekipatuta egongo dira. Pakete horrek herrialde hartako klima-egoera zailetara egokitzen ditu ibilgailuak. Gainera, Mobileye Shield+ segurtasun-sistema izango dute. Sistema hori ibilgailuaren angelu itsuetan dauden objektuak detektatzeko gai da eta, jarraian, gidariari horien berri ematen die aurreko panelean azaltzen diren mezuen eta soinudun seinaleen bidez. 

 

 

Solarisek, gainera, hiriarteko autobusak hornituko dizkio Kristianstad hiriari 

Bestalde, Suediako VR Kristianstad enpresak Solaris etxeko 23 autobus elektriko hornitzeko kontratua sinatu du. Eskariak Urbino 15 LE motako 20 autobus elektriko, eta Urbino 12 modeloko 3 unitate elektriko biltzen ditu (biak plataforma baxukoak). Ibilgailu berriak datorren urteko uztailean entregatuko dituztela aurrez ikusi dute. 

 

Beste behin, nabarmendu beharrekoa da Urbino 15 LE modeloa hiriko ibilbideetan eta hiriarteko ibilbideetan zirkulatzeko diseinatutako autobusa dela. Gainera, zerbitzurako autonomia eta eraginkortasun handia ditu. Urbino 12 modeloari dagokionez, horixe da Solarisen zero isurpeneko gamako plataforma baxuko hiriko modelo elektriko ezagunena salmentetan arrakasta handia izan duelako.  

 

Kristianstad hirirako ibilgailuak irisgarriak izango dira mugikortasun mugatua duten bidaiarientzat. Izan ere, desgaitasuna duten bidaiarientzako bi arrapala eta zuzenean plataforma baxutik sarbidea duten eserlekuak ditu. Ibilgailuen beste ezaugarri bat izango da LED RGB argiztapena. Horri esker, kolorea aldatu eta berde bihur daiteke eta, hala, barnealdeak itxura modernoagoa izan dezake. Segurtasuna bermatuta egongo da monitorizazio-sistema baten eta eMirror soluzioaren bidez. Ohiko ispiluen ordez, kamerak erabiltzen ditu soluzioak eta horrek nabarmen hobetzen du ikuspena gidatzeko garaian. 

 

Bi kontratuen, Nobina eta VR Kistianstad-en, guztizko zenbatekoa 45 milioi euro ingurukoa izango da eta zero isurpeneko soluzioen Europako lider gisa Solarisek duen posizioa sendotuko dute. Gaur egun, enpresak baterien bidez propultsatutako 2.000 autobus elektriko baino gehiago entregatu ditu 21 herrialdetan. Gainera, mila ibilgailu elektriko baino gehiagoko eskaera-zorroa du entregatzeko, gaur egun hainbat fabrikazio-fasetan banatuta. 

Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.