Prentsa-oharrak

2013/07/03

SAO PAULORAKO (BRASIL) 35 UNITATE EGITEKO KONTRATUA ESLEITU DIOTE CAF-I

Sao Paulo estatuko Companhia Paulista de Trens Metropolitanos-ek (CPTM) 8na bagoiko 35 unitateren hornikuntza (280 bagoi) esleitu dio CAFi. Kontratuaren zenbatekoa 380 bat milioi euro da, eta Sao Pauloko gobernuaren funts propioekin ordainduko da. CAF izan da lehiaketako irabazle, IESA-Hyundai Rotem partzuergo korear-brasildarraren eta Changchun Railway Vehicles Co. Ld. enpresa txinatarraren aurretik. Lehenbiziko unitateak 2015eko hasiera aldera entregatuko ditu.

 

Sao Paulo hiria, Brasilgo estaturik aktiboenaren eta industrializatuenaren hiriburua, munduko handienetakoa da, eta 20 bat milioi biztanle ditu. CPTM enpresak —Garraio Metropolitanoko Estatu Idazkariari atxikia— kudeatzen du tren bidezko garraioa Sao Pauloko metropoli-eskualdeko 22 udalerritan, eta 2,6 milioi bidaiari garraiatzen ditu egunean. Hango garraio-sarearen hedatze- eta modernizatze-prozesuari lotuta dago kontratu berri hau.

 

Gure enpresak Brasilen berrikitan egin dituen beste batzuei gehitu behar zaie proiektu hau. Aipatzekoak dira, besteak beste, Sao Pauloko Metrorako egindako unitateak eta CPTM aldiriko unitatez hornitzeko kontratuak. Horiez gain, gogoan izatekoa da herrialde hartan CAF sinatzen ari den kontratu-kopurua: 26 unitate gehiago Sao Pauloko Metrorako; 15 tren elektriko Recife hirirako, eta obra zibilaren eta sistema elektromekanikoen eraikuntza eta 7na bagoiko 40 unitateren hornikuntza Mato Grosso estatuko hiriburuko (Cuiabá) metropoli-eskualdeko tranbia berrirako, bertako zenbait enpresarekin obra zibilerako partzuergoa osatuta.

 

Aipatzekoa da, bestalde, FROTA BH partzuergoak (CAF buru zuela) eskuratu zuela Brasilgo Belo Horizonte hirirako 10 tren egiteko kontratua, baita Porto Alegre hirirako 15 tren berrirentzat bogieak egiteko kontratua ere.

 

Orotara, 2.000 milioi eurotik gorako kontratuak ditu CAFek Brasilen. Hori dela eta, gure enpresa da herrialde hartako tren-fabrikatzaile nagusia. Gogora dezagun lantegi bat ere badugula Brasilen, Hortolandian (Sao Paulo estatua), Latinoamerika osoko tren-materialen fabrikarik modernoena, hain zuzen ere.

 

Kontratu berri honek eta Tallinn, Friburgo eta Kaoshiung (Taiwan) hirietarako aurten sinatutakoek are gehiago indartzen dute gure enpresak nazioartean duen posizioa. Ekitaldi honen lehen hiruhilekoaren itxiera-datan, 4.866,3 milioi eurokoa zen gure eskari-zorroa, eta atzerriko merkatuei dagokie horren % 85.

Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.