Prentsa-oharrak

2019/03/28

CAF-I ESLEITU DIOTE ITALIAN ABIADURA HANDIKO TRENAK MANTENTZEKO KONTRATUA

Trenitalia SpAk, Italiako trenen operadore nazionalak CAF (CAF Italia filialaren bidez) hautatu du ETR500 abiadura handiko 59 treneko flotaren prebentziozko eta zuzenketako mantentze-lanak egiteko. Tren horiek “Frecciarossa” izen komertziala duten zerbitzuak eskaintzen dituzte Italiako tren-sarean. Kontratuaren oinarri-bolumena 120 milioi euro ingurukoa da eta 6 urteko iraupena izango du, baina beste 6 urtez luzatzeko aukera ere jasotzen du.

 

ETR500 trenak Trenitaliaren Long-Haul dibisioarenak dira eta “Turin-Milan-Salerno” abiadura handiko linean funtzionatzen dute. Turin, Milan, Reggio Emilia, Bolonia, Florentzia, Erroma, Napoles eta Salerno hiriak lotuz, 300 km/h arteko abiaduran zirkulatzen dute. Era berean, abiadura handiko lineaz kanpo hedatzen diren konexioetan ere eskaintzen dute zerbitzua eta beste hiri esanguratsu batzuetaraino iristen dira: Padua, Venezia, Rímini, Ancona, Pescara, Foggia eta Bari.

 

Kontratu horrek biltzen dituen mantentze-lanak, batez ere, Napoleseko eta Milaneko abiadura handiko zerbitzuez arduratzen diren Trenitaliaren tailerretan zein Italiako operadoreak Venezia eta Erroma hirietan dituen instalazioetan egingo dituzte. Mantentzelanaz gain, kontratuak unitate horiek zeharkatzen dituzten abiadura handiko lineako geltoki nagusietan zein trenbidean emandako laguntza ere biltzen du.

 

Lan horiek guztiak CAF Italia filialak egingo ditu ANSF (Agenzia Nazionale per la Sicurezza delle Ferrovie) araudiaren arabera kualifikatutako langileen bidez. Horrekin lotuta, nabarmendu beharrekoa da proiektuak 300 pertsona baino gehiago sartzea aurrez ikusten duela. Gaur egun besteak beste bezero hauentzat beste zerbitzu-kontratu batzuk lantzen ari den CAF Italiako plantillara gehituko dira: Trenitalia, ATM S.p.A (Milan), ATAC S.p.A (Erroma), Ferrotranviaria (Bari) eta ARST (Sardinia).

 

DE LIJN-ERAKO (BELGIKA) TRANBIEN HORNIKUNTZA KONTRATUA HANDITU DUTE

 

Bestalde, Flandriako Garraio Konpainiak, De Lijn-ek (Belgika), CAFi beste 23 tranbia erosteko akordioa onartu du. Eragiketaren balioa 44 milioi eurokoa izango da. 23 tranbia berri horiek 2017ko urrian CAFekin sinatutako kontratuko hirugarren loteari dagozkio. Kontratuak lotetan banatutako 146 tranbia arte fabrikatzea eta hornitzea biltzen zuen eta bezeroak jarraian aktibatu behar zituen ibilgailuak. Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da lehen bi loteak (bakoitza 24 tranbiakoa) 2017an aktibatu zituztela, kontratuaren hasierako sinadura egin zutenean.

 

De Lijn da autobusen eta tranbien Flandriako operadore publikoa eta urtero 530 milioi bidaiari inguru garraiatzen ditu. Lehen 48 unitateak datorren urtetik aurrera egongo dira abian Belgikako kostaldea zeharkatzen duen tranbia-linean. Aldiz, hirugarren lote honetako tranbiak 2022ko bigarren erditik aurrera entregatuko dira eta Anberes hirian eskainiko dute zerbitzua.

 

Azken hiru urteotan, CAFek kontratu esanguratsuak eskuratu ditu Beneluxen eta, horien artean, hauek aipatu behar dira: Bruselarako hornitutako metro-unitateak, Amsterdam hirirako metro- eta tranbia-unitateak; eta Luxemburgo eta Utretcherako tranbiak. Gainera, abenduan CAFek gaur egun Holandako NS (Nederlandse Spoorwegen) operadorearentzat garatzen ari den kontratuaren hedapena sinatu zuten. Horri esker, enpresa horri hornitutako aldiriko trenen kopurua 206raino igoko da.

 

Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.