2019/08/01
Segurtasuneko instalazioen hornikuntza Mediterraneoko korridoreko La Encina-Xátiva-Valentzia tartean
ADIFeko Administrazio Kontseiluak joan den uztailaren 31ko bileran onartu zuen Mediterraneoko korridoreko La Encina-Xátiva-Valentzia tartean segurtasuneko instalazioak hornitzeko kontratua Thales-CAF Signalling partzuergoari esleitzea.
Kontratuan sartzen dira eraikuntza-proiektuak idaztea, lanak egitea, katigamendu-instalazioak kontserbatzea eta horien mantentze-lanak egitea, trena babesteko sistemak, zirkulazio-kontrol zentralizatua, detekziorako sistema osagarriak, energia-hornidurarako sistema, telekomunikazioak, babes- eta segurtasun-instalazioak, eta lanak ohiko linean nahiz abiadura handiko linean egin behar dira, Europako ERTMS seinaleztapen-sistema estandarra, 1.eta 2. mailetan, txertatuz.
ADIFek segurtasun-instalazioetan azken 5 urteetan eginiko inbertsioen artetik handiena da proiektu hau eta Administratzailearen ildo estrategikoetako batean dago kokatuta, Europako korridore nagusietako baten parte baita, bai bidaiaren, bai salgaien garraiorako.
Kontratua osorik gauzatzeko epea 36 hilekoa da. 30 horietatik 6 eraikuntzako proiektuak idazteko eta onartzeko dira eta gainerako 30ak, berriz, lanak egiteko. Horrez gain, 25 urte daude aurrez ikusita abiadura handiko instalazioen mantentze-lanetarako eta 20 urte, berriz, ohiko sareko sistemen kontserbaziorako.
80 milioi euro inguruko zenbatekoa duen proiektu hau CAF Signalling-i esleitzeak aukera emango dio enpresa horri eskaeren zorroan bolumen handia eskuratzeko eta Espainian trenetako seinaleztapenaren sektorean eragile nagusietako bat izatearen postua sendotzeko.
Segurtasuneko eta seinaleztapeneko sistemak Zidani Most – Sentilj (Eslovenia) tarterako
Esloveniako Azpiegituren Ministerioak ISKRA eta CAF Signalling enpresek osatu duten kontsortzioarekin kontratua sinatu du Eslovenia eta Austria arteko mugan, Zidani Most eta Sentilj-eko geltokien arteko segurtasuneko eta seinaleztapeneko sistemak birgaitzeko.
Proiektua CEF (Connecting Europe Facility) finantza-programaren eta EGEFen (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) artean finantzatu dute eta honako lan hauek bilduko ditu: seinaleztapen-sistemak eta -ekipoak diseinatzea, instalatzea, probatzea eta zerbitzuan jartzea, ISKRAren erreleen katigamendu zaharrak CAF Signallingen katigamendu elektronikoekin ordezkatuta.
Kontratuari dagokion bide-tarteak 117 km-ko luzera du, eta hamazazpi geltoki. Beste nolabait esanda, Eslovenian azken urteotan egindako tren arloko seinaleztapeneko inbertsio handienetako bat da herrialdeko linea nagusiak berritzeko gobernuak abian jarritako plan estrategikoaren baitan. Horren helburuak dira linearen edukiera eta segurtasuna handitzea, trenen maiztasuna eta erregularitatea hobetzea eta mantentze-lanei lotutako kostuak gutxitzea.
Seinaleztapeneko eta telekomunikazioetako sistemak Sofia - Voluyak (Bulgaria) tarterako
Bestalde, Bulgariako tren arloko azpiegitura kudeatzen duen enpresak, NRICek (National Railways Infrastructure Company) duela gutxi esleitu dio AER Bulgariako enpresak eta CAF Signallingek osatutako “ERTMS CA Voluyak DZZD” kontsortzioari Sofia hiriburua Voluyak udalerriarekin lotzen duen tarteko seinaleztapen- eta telekomunikazio-sistemak birgaitzeko eta modernizatzeko kontratua.
Proiektu hori ere CEF (Connecting Europe Facility) finantza-programaren bidez finantzatuko dute beste batzuekin batera, eta lan hauek biltzen ditu: ia 12 km-ko bidean, ETCS L1 zein GSM-R motako seinaleztapeneko eta telekomunikazioetako sistema guztiak diseinatzea, instalatzea, probatzea eta zerbitzuan jartzea, eta katigamendu elektroniko berriak ezartzea. Lan horiek CAF Signallingek egingo ditu.
Sofia – Voluyak tarteak, bere ibilbidean, Sofiako erdiguneko, Obelyako eta Voluyakeko geltokiak biltzen ditu eta proiektu estrategikoa da Bulgariarako; izan ere, herrialdeko geltoki nagusia eta garraiogune nagusia den Sofiako erdiguneko segurtasuneko eta seinaleztapeneko sistemak berrituko dituzte.
Joan prentsa-oharretara
Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin: