Prentsa-oharrak

2019/10/07

CAF-EK ERRESUMA BATUKO BIRMINGHAM HIRIRAKO TRANBIA BERRIAK HORNITZEKO LIZITAZIOA IRABAZI DU

Erresuma Batuko West Midlands eremuko garraioaren eta garapen ekonomikoaren kudeaketaz arduratzen den West Midlands Combined Authority (WMCA) erakundeak CAF hautatu du 21 tranbia hornitzeko eta kopuru hori beste 29 unitaterekin handitzeko aukera jasotzen du akordioak. Lehen Urbos unitateak 2021. urtearen amaierarako entregatzea aurrez ikusi dute.

 

Era berean, kontratuak euskarri teknikoko eta ordezkoen hornikuntzako zerbitzuak jasotzen ditu 30 urtez. Proiektuaren guztizko bolumena 90 milioi euro baino gehiagokoa da.

 

CAFek hornitu zion Birminghami 2012. urtean Urbos motako 21 tranbiarekin gaur egun duen flota. Gerora, 2018an, unitate haiek ibilgailu barruan energia biltegiratzeko irtenbidearekin, Greentech-ekin, ekipatu zituzten. Irtenbide horrek sari ugari jaso ditu eta katenariaren beharrik gabe funtzionatzea ahalbidetzen duten litiozko ioien bateriak erabiltzen ditu.

 

Urbos unitate berriak energia ibilgailuan bertan biltegiratzeko antzeko irtenbidearekin ekipatuta egongo dira. Horri esker, aireko elektrifikazio-ekipoak instalatzeko beharra (disruptiboa eta neketsua izan daiteke hori) desagerrarazten da eta hirigunean arkitekturari dagokionez sentsibleak diren eremuak babes daitezke. Irtenbide horrek, gainera, energia- eragingarritasunari dagokionez hobekuntza esanguratsuak dakartza berekin.

 

Tranbia berri horiek, gaur egungo 21 Urbosekin batera, Birmingham eta Wolverhampton lotzen dituen Midland Metro Line linean eta Centenary Square-rako hedapenean (Birminghameko kultura eta negozio arloko gune esanguratsua) eskainiko dute zerbitzua.

 

Centenary Squarera iritsiko den hedapena 2020. urtearen hasieran irekitzea aurrez ikusi dute eta katenariarik gabe funtzionatzeko diseinatutako Erresuma Batuko tranbien lehen linea komertziala izango da.

 

Urbos tranbia bi kabina dituen bi noranzkotako unitate artikulatua da. Zoru baxua duenez, sarbide erraza eskaintzen die bidaiariei. Gehienez 70 km/h-ko abiaduran zirkulatzeko diseinatuta dago, eta katenariarik gabeko eremu libreetan funtzionatzeko gai da bateria bidez ontzian energia biltegiratzeko sistema hori (OESS) erabiltzen badu.

 

Richard Garner-ek, Erresuma Batuan CAFeko zuzendaria denak, hau aipatu du: “CAF pozik dago Erresuma Batuko metro-linea berritzaile honetarako azken belaunaldiko Urbos tranbia gehiago hornitzeko aukeratu dutelako. CAFen Urbos tranbia izango da hemen, Erresuma Batuan, intentsitate handiko linea batean funtzionatzeko bateria bidez energia biltegiratzeko teknologia erabiliko duen lehen unitatea. Urbosen diseinu moderno eta zabalak bidaia- esperientzia arina, lasaia eta erosoa eskainiko die bidaiariei”.

 

West Midlands Combined Authority erakundearentzako tranbia-proiektu hau garatzeak hobekuntza esanguratsuak ekarriko ditu Birminghameko eta inguruko komunitateetako garraio-sistemarako. Gainera, hiriko erdigunerako hiri-berroneratze planak sendotuko ditu.

 

Kontratu horrek are gehiago sendotu du CAFek Erresuma Batuko tren-merkatuan duen posizioa eta enpresak herrialde hartan azkenaldian lortu dituen arrakastak berretsi ditu. Gaur egun, enpresa hainbat operadorerekin ari da kontratuak aurrera eramaten: First Group, Serco Group Plc, West Midlands Trains Ltd, KeolisAmey eta Transport for London-ekin, esate baterako. Proiektu horiek guztizko bolumena 2.500 milioi ingurukoa da.

 

SOLARIS-EK AUTOBUS ELEKTRIKOEN BESTE KONTRATU ESANGURATSU BATLORTU DU ITALIAN. ORAINGOAN, VENEZIA HIRIRAKO IZANGO DIRA

 

CAF Taldeak, Solaris filialaren bidez, Italian autobus elektrikoak hornitzeko beste kontratu bat eskuratu du. ATM Milanentzat 250 autobus arte hornitzeko duela gutxi adostutako akordioari gehitu behar diogu kontratu berria.

 

ACTV SPA Venezia garraio-operadorearentzako proiektuak Urbino 12 modeloko 30 autobus elektrikoren hornikuntza zein bateriak kargatzeko beharrezko azpiegitura biltzen ditu. Kontratuaren guztizko balioa 20 milioi euro baino gehiagokoa da.

 

Unitate berri horiek segurtasunari, irisgarritasunari eta erosotasunari dagokienez sistema modernoenak izango dituzte, eta urruneko kontrol-sistemekin ekipatuta egongo dira sistema osoaren errendimendua aztertzeko eta optimizatzeko.

 

2020. urtearen amaieran entregatuko dituzte ibilgailu guztiak eta azpiegitura, eta Lido eta Pellestrina uharteetan zerbitzua ematea aurrez ikusi dute. Gaur egun uharte horietan zirkulatzen duten diesel-ibilgailuen flota ordezkatuko dute. Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da ez direla izango Veneziarako Solarisen lehen ibilgailuak. Izan ere, Venetoko hiriburuan beste 18 autobus hornitu zituzten lehenago, eta haietako hamarrek gas natural konprimatuarekin (GSK) funtzionatzen dute.

 

BILBORAKO AUTOBUS ELEKTRIKOAK

 

Azkenik, aipatu beharrekoa da Solarisek kontratua sinatu duela Alsa Group SA operadorearekin Bilborako Urbino 12 motako bi Solaris autobus elektriko eta kargarako bi estazio hornitzeko. Ibilgailuak urte honen amaieran entregatzea aurrez ikusi dute.

 

Ibilgailuak gutxienez 75 bidaiari eramateko edukiera izango du (haietako 26 eserita) eta zerbitzuen gamarekin ekipatuta egongo dira: ahots bidezko bidaiarientzako informazio- sistema, bideozaintza eta eskubandan instalatutako USB atakak, bidaiariek beren gailu mugikorrak birkarga ditzaten, besteak beste. Gainera, kudeaketa termikoari dagokionez berritzailea den irtenbidea izango dute. Horren bidez, unitatea nahi den tenperaturaren arabera automatikoki egoki daiteke abiatu baino ordubete lehenago kanpoko tenperatura jaitsiz gero. Horrek erosotasun maila handiagoa emango die bidaiariei eta, aldi berean, trakzio-baterietan bildutako energia aurreztuko litzateke; izan ere, ibilgailua berotzeko, entxufe baten bidez elikatutako sare elektrikoko energia erabiltzen da.

 

Solarisek 2010. urtean entregatu zituen lehen autobusak Espainiako estatuan. Ordutik, 200 ibilgailu hornitu izan ditu hiri hauetarako besteak beste: Bartzelona, Iruñea, Castelló, Las Palmas, Sevilla eta Donostia.

Deskargatu prentsa-oharra[PDF 90.35 Kb]
Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.