Prentsa-oharrak

2020/10/23

SOLARIS-EN HIDROGENO BIDEZKO AUTOBUSA, PARISEN PROBATAN

Hurrengo asteotan, Solarisen ibilgailu berritzaileenetako bat, Urbino 12 hidrogeno bidezko autobusa, Pariseko kaleetan probatuko dute. Probak Solarisekin elkarlanean egingo dituzte eta, horri esker, Frantziako RATP Group operadoreak bidaiarien zirkulazio arruntean teknologia hori aplikatzeak dituen gaitasunak probatu ahal izango ditu.

2019an, UITPren Garraio Publikoaren Mundu Mailako Goi Bileran, Solariseko eta RATP Groupeko (Régie Autonome des Transports Parisiens) ordezkariek Urbino 12 hidrogeno bidezko autobus-modeloa alokatzeko eta probatzeko kontratua sinatu zuten. Proba horiek hainbat asteko iraupena izango dute eta RATPk bidaiarien zirkulazio arruntean ibilgailu horrek dituen gaitasun operatiboak probatzeko balioko dute. Probak Pariseko hegoaldean egingo dituzte. Zehatzago esanda, ibilgailua Thiaiseko arrondizamenduko depositu batean aparkatuta egongo da eta Jouy-en-Josaseko geltokian hornituko da.

“RATP Group, hiri adimentsu eta jasangarriak garatzen konprometituta dagoenak, harrotasunez adierazten du Solarisekin elkarlanean arituko dela Urbino 12 hidrogeno bidezko bere autobusa probatzeko. Izan ere, hidrogenoak garrantzi handia izango du hurrengo urteotan. Erronka honi aurre eginez eta energia berriak probatuta, Taldeak trantsizio energetikoaren abangoardian jarraituko du”, esan du Marie-Claude Dupuisek, RATP Taldeko zuzendariondoko eta estrategia, berrikuntza eta garapenaren arduradunak.

Hidrogeno bidez funtzionatzen duen Urbino 12 autobusa oso teknologia aurreratuko ibilgailua da eta 70 kW-ko potentzia duten erregai-pilen multzoa erabiltzen du energia sortzeko. Erregai-pilei hornitutako hidrogenoa elektrizitate bihurtzen da eta horrek, aldi berean, zuzenean elikatzen du autobusaren transmisio-linea, motor elektrikoen ardatza duena. Aldi berean, gainera, autobusa Solaris High Power bateria batekin ekipatuta dago eta energia elektrikoa biltegiratzeko sistema osagarri gisa funtzionatzen du horrek. Hidrogenoa ibilgailuaren sabaian biltegiratzen da eta erregai-pilan sortzen den erreakzio kimikoaren ondorio bakarrak berotasuna eta lurruna izaten dira. Hori dela eta, ibilgailuak ez du substantzia kaltegarririk sortzen eta, teknologia berritzaile hori erabiltzeari esker, prestazioetan bere gamako ibilgailu konbentzionalekin pareka dezakegu.

Hain zuzen ere, Solaris etxeko ibilgailu-modelo honek interes handia piztu du eta hori agerian uzten du datu honek: iazko ekainean estreinatu zutenetik, Solarisek 57 autobusetarako eskariak jaso ditu Herbeheretarako, Alemaniarako eta Italiarako. Horrekin lotuta, lehen ibilgailuak Bolzano, Colonia eta Wuppertal hirietara urte honen amaierarako iritsiko direla aurrez ikusi dute.

Era berean, gogorarazi beharrekoa da RATP Group dela Frantziako hiri-operadore nagusia. Egunero milioika bidaiariri ematen die zerbitzua Parisen eta Île-de-Franceko eskualde osoan. Era berean, garrantzitsua da azpimarratzea Frantziako operadoreak 4.700 autobuseko bere flota 2025. urterako erabat eraldatzeko eta isurpen baxuko ibilgailu bihurtzeko erabakia hartu duela. Orain arte, flota horretan Solaris Urbino 18 GNC motako 19 autobus daude eta Solaris Urbino 8.9 LE autobus elektrikoaren modeloa entregatzeko kontratu bat ere abian dago uneotan.

Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.