Prentsa-oharrak

2022/06/01

ABIAN DIRA HIDROGENO BIDEZ PROPULTSATUTAKO TREN ERAKUSLEAREN PROBAK CAF-EK ZARAGOZAN DUEN LANTEGIAN

Maiatzaren amaieran hasi ditu CAFek Zaragozako bere lantegian FCH2Rail proiektuko hidrogeno bidez propultsatutako tren erakuslearen proba estatikoak. Proiektua enpresa hauek eratutako partzuergoa ari da garatzen: CAF, DLR, Toyota, Renfe, Adif, CNH2, IP eta FAIVELEY Stemmann Technik.  

 

Proiektuak RENFEren aldirietako egungo unitate bat hartu du oinarritzat eta, zehatzago esanda, Civia seriea eta bertan sorkuntza elektrikoko sistema berria instalatu dute hidrogeno-piletatik eta baterietatik datorren energiaren hibridaziotik abiatuta. Hori guztia, aldi berean, lehendik ibilgailuan zegoen trakzio-sistemarekin integratzen da. Hala, hidrogeno-pila duen bimodo ibilgailuaren tren arloko lehen erakusleetako bat izango da; hau da, isurpenik egiten ez duen ibilgailu kontzeptu horrek azpiegitura elektrifikatuan modu elektrikoan zirkulatzeko gaitasuna izango du eta, aldiz, modu hibridoa katenariarik gabeko tarteetan zirkulatu ahal izateko erabiliko luke. 

 

Gaur egun, hidrogeno-pilen eta baterien sistema hibrido berria osatzen duten ekipo guztiak probatuta daude eta CAFek jatorrizko CIVIA unitatean egin du bere integrazio mekanikoa, elektrikoa eta hidraulikoa. Hala, orain abian jarriko dituzten proba horien bidez, sistema berri honen integrazioa balioztatuta geratuko da eta, hala, isurpenik gabeko bimodo tren bihurtuko da. 

 

Probatu beharreko lehen alderdietako bat izango da sistema berriaren integrazioa eta instalazioa egokia ote den. Horretarako, interfaze guztiak frogatuko dira eta ibilgailuan lehendik zeuden ekipoekin batera behar bezala funtzionatzen duten egiaztatu beharko da. Funtsezko gakoetako bat hidrogeno-sistemaren estankotasuneko proben ostean etorriko da; hau da, lehen aldiz hidrogenoa hartzean eta, horrenbestez, erregai-pilak elikatzean. Pilak elikatuta daudenean, trenak behar duen energia guztia sistema hibrido berriaren bidez lortu ahal izango da. Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da proba horietan zehar kontsumitutako hidrogenoaren % 100ek jatorri berriztagarria izango duela (hidrogeno berdea izenekoa) eta Iberdrolak hornituko duela. 

 

CAFeko lantegian lehen proba horiek hasi izanak 2021. urtearen hasieran FCH2RAIL proiektua abian jari zutenetik partzuergoak egindako ahalegin handia berretsi du. Gainera, proiektuari dagokionez mugarri esanguratsua izango da; izan ere, sistema hibridoaren funtzionamendua zuzenean trenean benetako interfaze guztiekin optimizatzeko aukera ematen du. 

 

CAF Zaragozan proba-fase hori amaitu ondoren, unitatea kanpoko bide batean proba dinamikoei ekiteko egoera ezin hobean egongo da. Proba horiek uda honetan bertan hastea aurrez ikusi dute. 

 

Proiektuak 14 milioi euroko aurrekontua du eta hidrogenoaren eta erregai-pilen garapena bultzatzeaz arduratzen den Europako Batzordearen agentziak, Clean Hydrogen Partnership-ek (garai bateko FCH2 JU) emandako 10 milioi euroko finantzaketa jaso du. 

 

Azken urteotan ugaritu egin da EB barruko zein kanpoko garraio publikoko eta pribatuko agintari askok tren-ingurunean hidrogeno bidezko erregai-pilen erabileran oinarritutako teknologiarekiko agertu duten interesa. Horren erronka nagusia da garraioaren deskarbonizazioko egungo planen baitan diesel-trenen aurrean alternatiba lehiakor bihurtzea. 

 

Testuinguru honen baitan, berriro berretsi du CAFek zero isurpeneko mugikortasuneko soluzioen garapenarekin lotuta bere gain hartu duen konpromisoa eta, kasu honetan hidrogeno bidezkoetan. CAF Taldeak urteak daramatza teknologia hori merkaturatzen Solaris filialaren bidez eta 2021eko ekitaldian liderra izan da Europar Batasuneko hidrogeno bidezko autobusen merkatuan. 

Partekatu:
Joan prentsa-oharretara

Prentsarako kontaktua

Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Prentsa Sailarekin:

Prentsa-oharren artxiboa

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu Webgunearen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko eta gure bisitarien nabigazio-ohituren analisi estatistikoak egiteko, webgunearen edukia hobetzeko eta haren bidez eskainitako zerbitzuak optimizatzeko helburuarekin. Horretarako, datu pertsonalak tratatzen ditugu, hala nola nabigazio-datuak. Webgunean erabiltzen ditugun cookieei buruzko informazio gehiago lor dezakezu hemen. Gure cookie guztiak instalatzea nahi izanez gero, egin klik “ONARTU COOKIEAK” aukeran. Era berean, Webgunearen funtzionamendurako beharrezkoak diren cookieak bakarrik instalatzea nahi baduzu, egin klik “BAZTERTU COOKIEAK” botoian. Azkenik, zure cookie-hobespenak konfiguratu nahi badituzu, egin klik «konfiguratu COOKIEAK» atalean.