EkoDiseinua
Energia aurrezteko modu optimizatuak
Diseinu-prozesuan, azterketak egiteko tresna modernoenak eta simulazio- eta saiakuntza-sistema berrienak erabiltzen ditu CAFeko ingeniaritza-sailak. Baliabide horiekin, tren bakoitzerako balio hoberenak zehazten eta konfiguratzen dira, energia-kontsumoa gutxitzeko, funtzionamendua hobetzeko eta bizi-zikloa luzatzeko.
Energia banatzeko moduak, espazioa, materialak eta sistemak ezinbestekoak dira ahalik eta kalitate-mailarik eta energia-eraginkortasunik handienak lortzeko. Horregatik, ingurumenarekin loturiko alderdiak dira nagusi trenen diseinuan eta haien ekipamendu integralean.
CAFek oso kontuan hartzen ditu garrantzi handia duten faktoreak; esaterako, abiadura handian trakzioak duen energia-kontsumoaenergia-kantitatea gutxitzeko.
Material berriak
Arinak eta birziklagarriak
CAFek ardura handiz aukeratzen ditu fabrikazioan erabiltzen diren material guztiak, eta garrantzi berezia ematen dio birziklagarritasunari, haiek erabilita saihestu egiten baita baliabide naturalak erabiltzea. Horrez gain, piezen arteko elkarketa itzulezinik egiten ez duenez, errazagoa da piezak desmuntatzeko prozesua trenaren bizitza baliagarria bukatzen denean, eta, gainera, pieza asko berrerabili egin daitezke gero.
Trenak diseinatzean, masa eta pisua gutxitzea lortu nahi izaten da, energia-eskaera optimizatzeko modu eraginkorra baita hori. Parametro horiek bagoien kaxaren egituran, ekipamendu eta elementu osagarri guztietan, isolagailuetan eta abarretan erabiltzen dira. Eta, betiere, segurtasun-estandar maximoak bermatzen dira.
Material arinagoak eta erresistenteagoak erabiliz, trakzioko energia-kontsumoa gutxitzen laguntzen da. Horregatik, fabrikazio-prozesuko fase bakoitzean ibilgailuaren masa aztertzen da, ziurtatzeko ez duela gainditzen aurreikusitako pisua.
Horrez gain, diseinu berrietan garraio-edukiera maximoaren eta erabiltzaileen erosotasunaren arteko oreka lortzen saiatzen da. Bidaiarientzat gune zabalak gaituz eta unitate bakoitzeko eserleku-kopurua optimizatuz ere aurreztu daiteke energia.
Zaratarik eta bibraziorik gabeko trenak
Emisio akustikoen murrizketa
Ekipamendua, errodadura eta trenak haizearekin duen kontaktua dira tren bateko zarata-iturri nagusiak. Gizakiengan duen eraginaz gain, zaratak naturari ere eragin diezaioke, eta animalien habitatak (ekosistemak) aztora ditzake.
Emisio akustikoak gutxitzeko —bai barrukoak, bai kanpokoak—, CAFeko teknikari-taldeak zehaztasunez aztertzen du zergatik sortzen den zarata, eta hura gutxitzeko neurri eraginkorrenak hartzen ditu: aurretiazko kalkuluak eta saiakuntzak egin, material isolatzaileak eta xurgatzaileak erabili, forma aerodinamikoak erabili, gurpilaren eta errailaren arteko kontaktuari eta interakzioari buruzko ikerketak egin, etab.
Balazta birsortzailea (AER)
Balaztatzean energia berreskuratzea
Balaztatzean energia berreskuratzea ezinbestekoa da trenbide-sareen funtzionamenduan, lana optimizatzen eta eraginkortasun-indize altuak lortzen laguntzen baitu. CAFeko trenak diseinatzean, lehentasuna ematen zaio balazta leheneragarriari, balazta erreostatikoaren eta marruskadurazkoaren ondoan. Hala, balaztatze-prozesuan berreskuratutako energia katenariari itzultzen zaio, eta beste tren batean erabil daiteke, edo berriro ere sare elektrikora itzul daiteke.
Azken belaunaldiko ekipamenduak
Errendimendu maximoa lortzeko
Martxan daudela kontsumitutako energiaren errendimendu maximoa lortzeko sistemak dituzte CAFeko trenek (bai azelerazioan, bai balaztatzean, baita seinaleztapenari eta katigamenduei dagokienean ere). Eraginkortasun handiko trakzio-ekipamenduak erabiltzeak aukera ematen du energia-galerak gutxitzeko eta kontsumoa optimizatzeko.
Kontsumoaren murrizketa maximoa
Tren-ekipamendu osagarriak barne
Kontsumoa ahalik eta gehien gutxitzeko, neurri orokorrak hartu behar dira, eta neurri horien barruan treneko ekipamendu osagarriak, ekipamendu horien funtzionamendu-kontrola eta kontserbazio-egoera aztertu behar dira.
Bihurgailu osagarria
Proiektu bakoitzean, bihurgailu osagarriaren ahalmena aztertzen da, elikatu behar dituen karga guztien balantzea egiteko. Horrela, gerta litezkeen gehiegizko dimentsionamenduak saihesten dira, gomendatutakoa baino pisu eta kontsumo handiagoa eragin baitezakete haiek.
Energia-kontsumoaren kudeaketa, trena geldirik dagoenean
Geldialdietako energia-kontsumoa gutxitzea da CAFen beste helburu nagusietako bat, eta, horretarako, ekipamendu osagarrien baldintzak zehazten dira aurretiaz. Bagoi bakoitzeko (eta ez tren bakoitzeko) kontrolari esker, aukera dago soilik unitate jakin batzuetako ekipamenduak aktibatzeko, kasu bakoitzean dauden beharren arabera. Neurri horrekin, energia ugari aurrezten da.
Baldintza hobereneko klimatizazioa
Klimatizazio-ekipoek energia ugari behar dute funtzionatu ahal izateko. Kontsumo hori gutxitzeko, CAFek errendimendu handieneko hozgarriak erabiltzen ditu, eta treneko klimatizazio-baldintzak optimizatzeko neurriak hartzen ditu. Barrualdearen eta kanpoaldearen arteko bero-transferentziagatik sortzen diren energia-galerak murrizteko, trenen diseinuan eroankortasun termikoa gutxitzen eta eraginkortasun handiko isolamendua lortzen saiatzen da.
Ibilgailu eta flotaren gidatze eraginkorra,
energia-kontsumoa minimizatuz
Gidatzeko moduak eragin erabakigarria du trenaren energia-kontsumoan. Trenaren kontrol-sistemaren bidez, energia-kontsumoa gutxituko duen prestazio-maila kalkula daiteke, denbora errealean, ibilbidearen ezaugarrien eta iraupenaren arabera. Informazio horrek aukera ematen du trena gidatzeko prozesua energiaren ikuspuntutik optimizatzeko.
Ibilbide-denborak murriztea
Energia-eraginkortasun handiagoa
CAFeko teknologia-garapenak abantaila berriak ekarri ditu trenen energia-kontsumoa modu orokorrean murrizteko. Zenbait sistemari esker, hala nola Baskulazio Integralari (SIBI) esker, abiadura handiagoetan ibil daiteke ibilbideko bihurguneetan erosotasuna galdu gabe, eta ibilbidearen iraupena % 30 murriztu daiteke. Bestalde, bihurguneetako abiadura-mugak murrizteak, trenen abiadura aldatzeko beharra ere murrizten du, eta horrek energia-eraginkortasun handiagoa izaten laguntzen du.